BEARTZUN – PICO ALBA

BEARTZUN – PICO ALBA
Urtarrilaren 12an
8:30 Tabakalera (kotxez)

 

Elizondoko Beartzun auzo txikian hasi eta amaituko dugu bidea, PR eta GR bideetatik barrena ibilaldi
erraz eta interesgarria egingo dugu, baita Alba mendiaren tontorrera igo ere (1.074m).
Beartzungo bidegurutzean bertan hasiko dugu ibilbidea. Errepideak auzoa gurutzatzen du, eta bide
zabal eta eroso batetik PRaren marra hori-zuriak jarraituko ditugu. Laster, bidezidorren bidegurutze
bat aurkituko dugu, erdikoa hartuko dugu, eta, hortik aurrera, altuera irabaziko dugu azkar, pagadi
eder batean sartu aurretik. Altuera hartzen dugun bitartean, sastrakak ia irentsi duen borda zahar
baten ondotik igaroko gara.
Belaungo lepora iritsiko gara, Aldude eta Baztango haranak banatzen diren tokira, eta panoramika
ederra aurkituko dugu bertan. Lepo horretan, PRa utzi eta eskuinera egingo dugu, marka gorri-zurien
GRaren bidezidorrean. Gero eta gorago jarraituko dugu, eta gero eta erosoago ibiliko gara
mendilerroan zehar, urrutian ikusiko dugun Hargibel mendiaren gailur harritsuaren bila. Iritsi aurretik,
muino txiki batetik igaroko gara, bertan 125. mugarria aurkituko dugu, eta betiere Harrikulunka
ezaguneraino eramango gaituzten GRaren marrei jarraituko diegu.
Harrikulunka Hargibel menditik jausitako harri bitxia da; kondairak dioenez, jentilek egina. Jentil
horietako batek Iruñeko katedrala suntsitu nahi izan zuen, Auza menditik harkaitz handi bat jaurtiz,
baina bere tiroa huts egin zuen gorotz bat zapaltzean, eta harriak Hargibel mendiaren magalean
amaitu zuen.
Harrikulunkaren ohiko geldialdiaren ondoren, belarretan sumatzen den GRaren bideari jarraituko
diogu. Alba tontorra ikusiko dugu. Behin Albaren oinean gaudela, bide zapalduagoari ekingo diogu,
eta azken metroei arroketan zehar egingo diegu aurre (kontuz, egun hezea izanez gero). Albako
gailurreko postontzira eta zutoin geodesikora iritsitakoan, panoramika ederra edukiko dugu aurrean.
Gailurretik jaitsiko gara, lehenengo harkaitzen eta gero belarren artean altuera galduz, basoaren bila.
Mugarriren bat aurkituko dugu basoan, eta ehiza-postu ugari dituen muino txiki bateraino eramango
gaitu bideak. Muino horretatik haranaren barrura joango gara, iturri baten ondotik igaroko gara, eta
Lizardiko bordaren ondotik. Basoan sartuko gara berriro, eta ez dugu utziko ia-ia bidea amaitu arte.
12 kilometro inguruko ibilbidea da, eta 600 metroko desnibela.
Izena emateko:
-Latxaga, Aitor Ikastola Konkorrenea.
-Mª Reina Ikastola
-Intxaurrondo Hegoa Ikastola
-Lauaizeta
FORMULARIOA
Agur eta ondo izan !!

Comments are closed.