Oleta – Santikurutz – Orixol – Zabalandi – Arrazola

Maiatzaren 7an autobusez
Tabakaleran 8:00etan

Kaixo, mendizaleok:

Gaurko ibilaldia egiten dutenek hiru gauza gogoratuko dituzte: Arangioko pagadi eta labirinto karstikoa, Aramaioko ibarraren bistak eta Anbotoren hegoaldeko hormatzarraren ikuspegia. Arangio mendikatea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa elkartzen diren puntutik gertu zabaltzen da, 1.100 metro inguruko altueran, pagadi zabalen artean, Santakruz apaizak izkutaleku aukeratu zituen parajeetan.
Otxandiotik gertu dagoen Oleta herritik (570 m.) abiatuko gara. Goiko lautada honen amaieran ikusten den Anboto aldera hartuko dugu, eta bostehun metro aurrerago eskubitara ateratzen den bide bat hartuko dugu. Hasierako pinudiek berehala utziko diote tokia pagadi ederrari, eta 400 metroko desnibela gainditu ondoren, pagaditik irten eta Arangio mendikatearen ertzera iritsiko gara, Oletatik ordubetera. Gure oinetan Aramaioko Ibarra ikusiko dugu, dozena bat auzo txikiz osatua.

Iparraldera luzaten den ertzetik jarraituko dugu eta 10 minututan iritsiko gara
amildegitik zintzilik dagoen Santikurutz ermitatxora (1.040 m.). Ondo markatutako bideak labirinto karstikoan gidatuko gaitu, altuerari eutsiz, pagadian barrena eta paisaia zoragarriak zeharkatuz. Oharkabean, Orixol mendira (1.132) iritsiko gara, Aramaio ibarraren begiratoki aparta, eta gaurko punturik altuena. Beste ordu erdi bat gehiago jarraituko dugu paraje eder hauek disfrutatzen, eta 200 metroko desnibela jaitsi ondoren, Lexiaga lepora iritsiko gara.
Lepo zabal eta belartsu honetan, aurrez aurre, Izpizte mendiaren horma bertikalak ikusi ahal izango ditugu, Santakruz apaizaren izkutaleku. Altuerari eutsiz, Izpizte mendia mendebaldetik inguratzen duen bideari helduko diogu. Bide honen hasieran kontuz ibili behar dugu, amildegirik ez badago ere, bide estua eta harritsua delako. Aurrerago, berriro ere pagadian sartuko gara, eta jaitsiera erosoan Zabalandi lepora (890 m.) ailegatuko gara, parez pare Anbotoren horma bertikala dugula.

Zabalandi lepotik, ekialdera jaisten den pista hartuko dugu, pagadi ederrean, eta 15 minutu aurrerago iparralderako norabidea hartuko dugu, Andasto mendirako norabidean. Etengabeko jaitsieran, pagadian zigi-zaga eginez, Errekaundi errekara jaitsiko gara, harrizko bide dotorean. Errekari jarraituz, pagadia bukatu eta pinudia zeharkatzen duen pistan barrena, Arrazolako lehen baserrietara iritsiko gara. Errepidetik azken metroak egingo ditugu Arrazolako plazara (235 m.) iritsi arte.

15 kilometroko ibilaldia izango da, bost ordutan egingo duguna (hamaiketakoa eta bazkaria kontatu gabe). Bostehun metroko igoera eta bederatzirehun metroko jaitsiera izango ditugu. Izpizte mendiko ingurabidea izan ezik, bideak ez du inolako zailtasunik, eta Arangio mendikateko inguru karstikoaren edertasunak oroimen polita utziko digu. Tabakaleratik goizeko 8:00etan autobusez aterako gara; gazteek dohainik, Aitzarteko bazkideek 10€ eta bazkideak ez direnek 15€ ordainduko dute. Izena emateko, Latxagan (Aitor Ikastola), edo Ma Reina eskolako eta Lauaizetako kirol koordinatzaileen bidez (gogoratu ordaindu behar dela izena ematerakoan).

Zalantzaren bat izanez gero, e-maila bidali aitzartemt@gmail.com helbidera.

Comments are closed.