Orreaga – Mendiaundi – Urupel

Orreaga – Mendiaundi – Aldaparri erreka – Urepel

Maiatzaren 6an

Autobusez. Tabakaleran 8:00tan

Kaixo, mendizaleok:

Irteera honetan mugako ibilbide historikoetan ibiliko gara, pagadiak, goi-larreak eta erreka sakonak tartekatuz. Nafarroa Garaiko Orreagan hasiko gara Donejakue Bidetikabiatuz, Lindus eta Mendiaundi inguruetako larreetara igoko gara, eta Ezkabako Ihesaren bidea hartuko dugu Nafarroa Behereako Urepel herrira iristeko.

Orreagako Kolegiatan (950 m)Ibañeta mendaterantz abiatzen den errepidean gora hasiko gara ibiltzen, eta lehengo errebueltan, errepidea utzi eta ezkerretara doan GR-11 bideari helduko diogu. Basoan barrena hogei minutu egin ondoren, erreka batera iritsi eta GR-11 utzita, eskubitara hartuko dugu. Errekaren ondotik aurrera, hogei minututan Menditxurirako bidea markatzen digun zutoinera ailegatuko gara. Bidean gora, pagaditik goiko larreetara aterako gara eta berehala ikusiko dugu Menditxuriko (1.194 m) tontorraren erpina.

Mendilerroari mendebalderantz jarraituz, Menditxipitik pasako gara, Mendiaundiko (1.218 m) tontorrera iristeko, Orreagatik bi ordutara. Ikuspegi zabala dugu: alde batetik, Orreaga eta Auritzeko lautadak; iparraldera begiratuta, Urepelera jaisten diren arroila sakonak eta Lindus Mendia. Baina, gaurkoan ez gara Lindus mendira joango.

Bizubi lepora (1.147 m) jaitsiko gara eta ezkerretara hartuko dugu, Aldaparriko errekara malda gogorretan jaisteko. Erreka gaindituta, Txasperro menditik jaisten den bidea hartuko dugu beherantz, zelaietan hasieran eta pagadian gerora. Bide erosoan behera, ordu erdi aurrerago, Sorogaindik datorren GR-225 bidea hartuko dugu, Iruñeako Ezkaba presondegitik ihesean askatasunera iristeko preso errepublikar batzuek erabilitako bidea.

Pagadian behera, Aldaparriko errekaren ondotik, gure eskubitara Lezetako pasabide ikusgarria ikusiko dugu, Bihurrieta-Buztanenea baserrira (550 m) jaisten den bidea ere eskubitara utziko dugu, eta basoa eta zelaiak tartekatuz, Xalbador bertsolariak zapaldutako larre eta mendi-hegaletan behera, ordubetean Urepel herrira (410 m) iritsiko gara.

17 kilometroko bidea dugu, 300 metroko desnibel positiboa eta 800 metroko jaitsiera, bost ordutan egitekoa. Ibilbide erraza eta anitza da, pagadiak, goiko larreak eta erreka sakonak  tartekatzen dituena, gaztetxoentzat ereegokia.

 

Hitzordua 08:00tan Tabakaleran

Eman izena hemen:

-Latxagan, Aitor Ikastola Konkorrenean.

-Mª Reina Ikastolan

-Intxaurrondo Hegoa Ikastolan

-Lauaizetan

– Formularioan: https://goo.gl/forms/EDGCVvk2UwDtCdfy2

Ordainketa egin behar da izena emateko momentuan: autobusa gazteentzat dohainik da, Aitzarteko bazkideentzat 10 € eta bazkide ez direnentzat 15 €.

 

Zalantzarik izanez gero, deitu edo idatzi: Luismi 667419735, Nieves 637830975, aitzartemt@outlook.es, edo http://aitzarte.com.

 

Igandera arte.

TRACKa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude