Etxaleku – Latasa – Eraso – Zarranzmendi – Etxaleku


                              Tabakaleran, 8:30tan
                                                      Kotxez
Etxaleku – Latasa – Eraso – Zarranzmendi – Etxaleku
Azaroaren 5ean

 

Kaixo, mendizaleok:
            Udazkena da, eta Nafarroako Ultzamara goaz,… baina ez perretxikotara!! Ultzamako mendi apalak, baso zabalak eta herri txikiak ezagutu nahi ditugu, eta, eguraldiak laguntzen badu, udazkeneko koloreez gozatzeko aukera izango dugu. Horretarako, ibilaldi goxo bat prestatu dugu, 200 edo 300 metroko igoera batzuk dituena, baina orokorrean ibilbide samurrekoa.
            Hasiera eta bukaera Imotz bailarako “hiriburuan” izango dugu, Etxalekun: 100 biztanle, 598 metrotan. Hegoalderantz (Eraso herrirantz) doan errepide ondoan hasiko gara, eta eskuinera doan bideari jarraituz, Astazubiko erreka gainditu, eta Zapateñeneko bordaren ondotik, Otsopasajera igotzen den bidea hartuko dugu. Hegoekialderako norantzan, basoan barrena, Otsopasajeko tontorra (729 m) ia ohartu gabe gaindituko dugu, eta mendilerroari helduz, Añoa tontorra (712 m) ere zapalduko dugu, Latasa herrira jaisten den bidea hartu aurretik.
            Latasatik (510 m),Eraso errekaren ondotik ekialderantz jarraituko dugu Martikoneko bordara iritsi arte. Eraso herritik gertu, Zarrantz herrira doan errepidearen ondotik Ezpilla mendira igotzen den xenda hartuko dugu. Pagadian sartuta, hegoalderako norabidean, Billarretako lepora iritsiko gara, eta hemendik Kapistar tontorrera (789 m). Norabide berean jarraituz, lepo batera jaitsiko gara, Zarrantz eta Zia lotzen dituen pistarekin bat egiteko. Pista zeharkatu eta aurrera eginez, gaurko punturik altuenera iritsiko gara: Zarranzmendi (883 m).
            Pagadi ederrean behera, jaitsiera erosoan, Oskotz eta Zarrantz herriak banatzen dituen lepo zabalera iritsiko gara, eta iparralderako norabidean jarraituko dugu, Oskotz herria gure esbitara utzita. Errepidea gurutzatu eta GR-9 bidea hartuko dugu gure abiapuntura, Etxalekura, berriro iritsi arte.
            16 kilometroko ibilaldia izango da, 4 ordu eta erditan egingo duguna (hamaiketakoa eta bazkaria kontatu gabe). Igoera handiena 300 metrokoa izango da, eta guztira egun osoan 750 metroko desnibela izango dugu.Oso ibilbide egokia gure mendizale gaztetxoekin batera egiteko. Bukatu ondoren, Udabeko Bentako terrazan eguneko gorabeherak komentatzeko aukera izango dugu, tragotxo bat hartzen dugun bitartean.
Tabakaleratik goizeko 8:30tan kotxez aterako gara. Izena emateko, Latxagan (Aitor Ikastola), edo Mª Reina eskolako eta Lauaizetako kirol koordinatzaileen bidez. Zalantzaren bat izanez gero, e-maila bidali aitzartemt@gmail.com helbidera edo hurrengo formularioan:
  

 

Errutaren perfila 

 

Comments are closed.